Robotekin Topaketak-en laugarren edizioan, Robotekin – Robotika eta Automatizazioaren Euskal Elkarteko bazkideak Arrasatera hurbildu dira, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa bazkidearen instalazioak bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, eskolak bere egoitza eskaini du euskal ekosistemaren topagune berri bihurtzeko.

Robotekineko zuzendari Leire Balzategui izan da topaketa-, azterketa- eta ikaskuntza-saio berri honi ongietorria emateko arduraduna; batez ere, teknologia berrien eta berrikuntzaren inguruko ezagutza partekatzeko saioari. “Oraingo honetan, Robotekin Topaketak unibertsitatearen mundura hurbildu nahi izan ditugu, funtsezkoa baita mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko lotura eta lankidetza estua izatea, talentu berria enpresen beharrak eta robotikaren eta automatizazioaren bilakaera azkarra kontuan hartuta prestatzeko”, adierazi du Balzateguik.

Instalazioen bisita hasi aurretik, MGEPeko Robotika eta Automatizazio Ikerketa Taldeko arduradun Luka Eciolazak taldearen jarduera nagusiak azaldu ditu. “Robotekin komunitateari gure lan egiteko eta enpresekin lankidetzan aritzeko modua erakutsi nahi genion, unibertsitatean eskura ditugun aktiboak eta gaitasunak balioan jarriz”, adierazi du Eciolazak. Helburu horrekin, bisitak Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren gune nagusiak hartu ditu: Robotika Laborategia eta HIREKIN eraikina.

Robotika Laborategian, bertaratutakoek fabrikaziora bideratutako soluzio robotikoen adibideak ikusi ahal izan dituzte, bai eta robotikari aplikatutako adimen artifizialeko garapenak ere —sistemen autonomia ikaskuntzaren eta hizkuntza naturalean oinarritutako interakzioaren bidez lortzea helburu dutenak—, eta industria-automatizazioko aplikazioak.

Mondragon Unibertsitateko HIREKIN eraikinean, enpresa-berrikuntzara bideratutako espazioan, enpresekin batera garatutako ekintzailetza-adibideak ezagutu ahal izan dira, unibertsitateak erakunde eta pertsonei eraldaketa- eta berrikuntza-prozesuetan nola laguntzen dien erakutsiz.

Goi Eskola Politeknikoko laborategiek azken belaunaldiko ekipamendu teknologikoa dute; horregatik, ohikoa da puntako enpresek bertara jotzea ikerketa-proiektuak, probak edo aplikazio berrien abiaraztea egiteko.

Era berean, HIREKIN industria-eraldaketa jasangarrirako berrikuntza eta ekintzailetza zentroa da. Teknologian espezializatutako zerbitzu eta espazio berriak eskaintzen ditu, ekintzailetzari laguntzeko. Proiektuak erreferentziazko zentro bihurtzea du helburu, enpresei industria- eta teknologia-berrikuntzako eta ekintzailetza jasangarriko proiektuak ideiatzen eta garatzen laguntzeko.

Seihileko honetako azken Robotekin Topaketak kafe baten inguruan amaitu da; iritziak trukatzeko, ideiak partekatzeko eta networking-a sustatzeko aukera eskainiz.

Topaketa honetan, Armeria Eskoka, Automach Ingeniaritza, Egibide, Fagor Arrasate, Teknologia Aeronautikoen Zentroa Fundazioa, Insertec, Ikerlan, Rubi Automotive, SMC, TECNALIA, Tekniker eta Vector 0 Robotics enpresetako kideek hartu dute parte.

02. TOPAKETAK MGEP
03. TOPAKETAK MGEP