“Robotekin jarduera, lankidetza eta negozioa sortzeko tresna erabilgarria izatea nahi dugu”

 

Robotikaren eta Automatizazioaren Euskal Elkartearen buru gisa, bi hilabete eskas daramatza Leire Balzateguik, Robotekin-eko zuzendari berriak, eta denbora honetan hainbat ekintza egin ditu jadanik: Zuzendaritza Batzordearekin bilerak egin ditu; hainbat enpresa, zentro teknologiko, formakuntza zentro eta bestelako bazkideekin bilerak izan ditu; BIEMH azokan parte hartu du; Build:INN-ekin lankidetza-tailer bat antolatu du; eta baliozko harremanak hasi ditu bazkideekin, ekosistema aktibatzeko eta robotikaren eta automatizazioaren lehen “hub” horren inguruan balioa sortzeko. “Robotekin ekosistema bizia izatea nahi dugu, bazkideen arteko loturak benetako lankidetza, negozio-aukera eta proiektu zehatzetan bihur daitezen”, azaldu du Balzateguik ekosistemaren lehen newsletter honetarako. 

2026 honetan Robotekinen etapa berri bat markatuko da. Nola definituko zenuke elkartearen gaur egungo unea?

Trantsizio puntu interesgarrian gaude. Robotekin zer den eta bere posizionamendua definitu dugun fase batetik gatoz, eta orain potentzial hori guztia aktibatzea da erronka. 2026rako fokua oso argia da: definiziotik ekintzara pasatzea. Robotekin ekosistema bizia izatea nahi dugu, non bazkideen arteko loturak benetako lankidetzan, negozio-aukeretan eta proiektu zehatzetan bihurtzen diren. Plana errealista da, egungo baliabideetara egokitua, baina anbizio nahikoa duena datozen urteetan hazkunderako oinarriak finkatzeko.

Zer lehentasun nagusi ditu aurtengo Kudeaketa Planak?

Elkarren artean oso lotuta dauden hainbat ildo nagusitan egituratu dugu plana. Funtsean, guztiak ideia berari lotuta daude: ekosistema aktibatzea. Horretarako, funtsezkoa da bazkideek elkar hobeto ezagutzea eta konfiantza sortzea, oinarri hori gabe zaila baita benetako lankidetzak sortzea. Era berean, ekosistema merkatura hurbildu nahi dugu, aukera errealak identifikatzeko eta aukera horiek Robotekinen dauden gaitasunekin lotzeko.  Hortik aurrera, helburua da ekimen zehatzak bultzatzea, hala nola berrikuntza-proiektuak, ekintza kolaboratiboak edo talentuarekin lotutako ekimenak. Horretarako, beharrezkoa da komunikazioa indartzea, batez ere barnekoa, bazkideak jakinaren gainean egon daitezen eta parte har dezaten. Eta, oinarri gisa, kudeaketa eta gobernantza sendotzea, funtzionamendu ordenatua eta gardena bermatzeko. Garrantzitsuena da ez direla ildo isolatuak: gero eta aktiboagoa eta konektatuagoa den ekosistema eraikitzeko pentsatuta baitaude.

Bazkideen ikuspegitik, zein balio ukigarri sumatzen hasi beharko lukete aurten?

Helburua da bazkideak argi eta garbi sentitzea Robotekineko kide izateak balioa ematen diola bere egunerokotasunean. Hau gauza zehatzetan islatuko da:

  • Beste bazkideekin benetako lotura izateko aukera gehiago (topaketak, bisitak, jardunaldiak).
  • Elkartetik hautemandako merkatu-aukeretarako sarbidea.
  • Lankidetza-proiektuetan edo baterako ekimenetan parte hartzeko aukera.
  • Ekosistemaren barruan eta kanpoan dituzten gaitasunak hobeto ezagutaraztea.

Azken batean, Robotekin ez da soilik kide izateko gune bat, baizik eta jarduera, lankidetza eta negozioa sortzeko tresna erabilgarria.

Zer espero duzu bazkideengandik etapa berri honetan? Nola inplika daitezke?

Plan honek zentzua du soilik bazkideek aktiboki parte hartzen badute. Robotekin ez da “zerbitzuak eskaintzen dituen” egitura bat, guztion artean eraikitzen den ekosistema bat baizik. Inplikazioa espero dugu gauza zehatzetan:

  • Ateak ireki eta topaketetan parte hartu.
  • Haien gaitasunak eta beharrak partekatzea.
  • Ideiak, erronkak edo ekimenak proposatzea.
  • Lantaldeekin edo proiektuekin bat egitea.

Guk testuingurua, dinamikak eta aukerak erraztuko ditugu, baina benetako balioa bazkideen parte hartzetik sortuko da. Hori lortzen badugu, 2026an Robotekin sare bat izatetik ekosistema benetan aktibo eta balio-sortzaile izatera pasatuko da.