Lortek Zentro Teknologikoa, Robotekineko bazkidea, Robotekin Topaketak ekimenaren hirugarren topaketa antolatzeko arduraduna izan da, Ordiziako bere egoitza nagusian, Euskadiko robotika eta automatizazio ekosistemari ateak irekiz, bere ezagutza partekatuz eta gaur egungo erronkak zeintzuk diren azalduz.
Hain zuzen ere, konektatzea, partekatzea eta dibulgatzea dira Robotika eta Automatizazioaren Euskal Elkartearen -Robotekin-ardatz estrategikoak, Leire Balzategui zuzendari nagusiak Robotekin Topaketen edizio berri honi ongietorria emateko hitzetan adierazi duen bezala.
Lortek zentro teknologikoa Basque Research & Technology Alliance aliantzako kidea eta Mondragon Korporazioko kooperatiba da. Lotura-teknologiaren digitalizazioan eta fabrikazio aurreratuan espezializatuta dago, 70 ikertzaile baino gehiago ditu, eta 20 urte baino gehiago daramatza industriarentzat berritzen. Bere sektore estrategikoak mugikortasun jasangarria, metalurgia, aeroespaziala, energia, eraikuntza eta aplikazio dualak dira.
Soldatzaile gutxi
Gaurko Robotekin Topaketan, Lortek-eko Estrategia Digitaleko zuzendari Fran Huertosek ‘Soldadura autonomorantz: Robotika eta Ikusmen Aplikatuetarantz’, hitzaldia eman du, gaur egungo industria-testuingurua azalduz. “Soldatzaile eskasia dago. Estatu Batuetan 360.000 soldatzaile behar direla esaten da. Gainera, gaur egungo merkatua asko aldatu da, robotika klasikoan robot berak milaka pieza egiten baditu, orain robot batek errepikakorra izateaz gain, ingurunea ulertu behar du. Lehen erreferentzia bakarra zegoen, orain erreferentzia asko dira bloke txikietan eta eskakizun eta kalitate handiagokoak”, nabarmendu du Huertosek, eta, aldi berean, soldadura eta gehigarri prozesuetan robotika eta ikusmen artifizialeko aplikazioen erronkak nabarmendu ditu, prozesu autonomoetarantz aurrera egitea ahalbidetzen dutenak.
Bere hitzaldian, Estrategia Digitaleko zuzendariak hainbat soldadura- eta ikuskapen-prozesuri aplikatutako 2D eta 3D ikusmeneko soluzio robotizatuen garapena aurkeztu du, eta erakutsi du teknologia horrek gehiago eta hobeto, eta modu lehiakorrean ekoizten laguntzen diela operadoreei.
Hitzaldiaren ondoren, Robotekin Topaketen edizio honetara etorri diren Robotekineko bazkideek, Lortekek Ordiziako egoitzan duen SMARTLABa bisitatzeko aukera izan dute, baita fabrikazio digital eta adimentsuan soluzio berritzaileak diseinatzen lan egiten duten bulego eta gelaxkak ere.
Estrategia Digitaleko zuzendariak eta Fabrikazio Sistema Digitaletako ikertzaileak, Fran Huertosek eta Iñaki Sainzek, zentro teknologiko honetako guneak azaldu dituzte, bai eta batez ere beren ingurune geografikoko enpresa eta partner-ekin batera egiten dituzten lanak eta proiektuak ere. Izan ere, LORTEKek hainbat industria-sektoreri aplikatutako teknologiak eta gaitasunak biltzen ditu, hala nola makina-erremintari, energiari, automobilgintzari, trenari, sektore aeroespazialari, ontzigintzari, siderurgiari eta galdaragintzari.
“Robotekin-en uste dugu horrelako topaketak oso baliagarriak direla gure elkarte-sareko bazkideekin harremanetan jartzeko, bazkide bakoitzak dituen proiektuak eta erronkak partekatzeko eta ekosistemako beste kide batzuei lagundu diezaieketen arrakasta-kasuak zabaltzeko”, adierazi du Robotekin-eko zuzendari Leire Balzateguik. Zorionak eman dizkio Lortek-i topaketa hau antolatzeagatik, eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten enpresa, teknologia-zentro eta start-up eta prestakuntza-zentroetako ordezkariei.se