Robotekin Robotika eta Automatizazioaren Euskal Elkarteak 2026-2027 aldian erakundearen jarduera gidatuko duen ibilbide-orria aurkeztu du gaur bere Urteko Batzarrean. Helburua da ekosistemako eragileen arteko lotura indartzea, negozio-aukera berriak bultzatzea, lankidetza-proiektuak sustatzea eta Euskadiren garapen teknologikoari eta lehiakortasunari laguntzea.

Gaur egun, hainbat sektoretako robotika eta automatizazioko 61 erakunde – enpresa erabiltzaile, fabrikatzaile, integratzaile, zerbitzu-hornitzaile, startup, zentro teknologiko, prestakuntza-zentro eta erakunde biltzen dituen elkarteak Euskadiko Teknologia Parkeko Gasteizko Campuseko egoitzan egin du topaketa, eta 35 erakunde kidek hartu dute parte.

Batzarrean, Robotekin-eko presidentea eta Arabako Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko foru diputatua den Saray Zarate, David Montero diruzaina (BIC Araba), Xabier López idazkaria (Egibide) eta Zuzendaritza Batzordeko eta elkarteko kide diren erakundeetako ordezkariak izan dira.

Saray Zarate Robotekineko presidenteak eman dio hasiera batzarrari. Robotikak eta automatizazioak gure industriaren lehiakortasuna indartzeko funtsezko palanka direla nabarmendu du Zaratek. “Robotekinetik gaitasunak konektatu, proiektuak aktibatu eta ekoizpen-sarerako benetako balioa sortu nahi dugu”, esan du

Topaketan, Leire Balzategui Robotekin-eko zuzendariak elkartearen hurrengo hilabeteetako jarduera markatuko duten ildo nagusiak aurkeztu ditu. “Robotekin robotika eta automatizazioko euskal ekosistemako eragileen arteko konexioa erraztuko duen gunea izatea nahi dugu, prestakuntza eta garapen teknologikoa bultzatuko dituena eta Euskadiko ekoizpen-sektoreen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duena”, adierazi du.

Robotikaren eta automatizazioaren euskal ekosistema indartzeko bost ardatz

2026-2027 ibilbide-orriak bost jarduera-ildo nagusi ditu:

  • Bazkideen arteko lotura indartzea, elkar ezagutzea, parte hartzea eta jarduera bateratuen garapena sustatuz.
  • Ekosistema merkatura eta ekoizpen-sektore berrietara hurbiltzea, negozio-aukerak identifikatzen lagunduz eta azoketan, kongresuetan, merkataritza-misioetan eta nazioarteko ekimenetan parte-hartze bateratua sustatuz.
  • Berrikuntzara, talentura eta prestakuntzara bideratutako lankidetza-proiektuak bultzatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten ekimenak abian jarriz.
  • Barne- eta kanpo-komunikazioa indartzea, Robotekin osatzen duten erakundeen jarduerari ikusgarritasun handiagoa emanez.
  • Elkartearen barne-kudeaketa eta gobernantza sendotzea, haren iraunkortasuna bermatuz eta koordinazio-mekanismoak indartuz.

Prestakuntza-mapa: prestakuntza-eskaintza espezializatu guztirako sarbide bakarra

Batzarrean aurkeztutako proiektu nabarmenetako bat Prestakuntza eta Sentsibilizazio Lan Taldeak bultzatutako Prestakuntza Mapa izan da. Urte hasieratik, Robotekinen webguneak Euskadin robotika eta automatizazioarekin lotutako prestakuntza-eskaintza osoa biltzen du gune bakar batean. . Tresna honetan, hiru lurralde historikoetako ikastetxe, unibertsitate eta erakundeek eskaintzen dituzten heziketa-zikloak, ikastaro espezializatuak, graduak, gradu bikoitzak, masterrak eta bestelako prestakuntza-modalitateak kontsulta daitezke.

Gainera, erabiltzaileek informazioa lurraldearen, modalitatearen, iraupenaren edo prestakuntza-motaren arabera iragaz dezakete, eta programa bakoitzaren edukietara zuzenean sar daitezke. “Robotika eta automatizazioaren arloko prestakuntza espezializaturako sarbidea erraztu nahi dugu, eta esparru honetan sartu edo profesionalki garatu nahi duten pertsonei dauden aukerak hurbildu. Prestakuntza eta talentua funtsezko elementuak dira gure ekosistema indartzen jarraitzeko”, azaldu du Balzateguik.

Ildo berean, Robotekineko zuzendariak gogorarazi du Arabako Industria Ingeniaritzaren Elkargo Ofizialarekin (AIIEO) berriki sinatutako lankidetza-hitzarmena, beste helburu batzuen artean, ingeniaritzako profiletarako lan-aukerak ikusgarri egiteko, haren lan-poltsaren bidez.

Nazioartekotzea bultzatzea

Nazioartekotzea da elkartearen jarduera-eremu estrategikoetako beste bat. Testuinguru horretan, bertaratutako erakundeek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte Basque Trade & Investment erakundeak euskal enpresen nazioarteko hedapena laguntzeko eskaintzen dituen programak, zerbitzuak eta laguntzak. Batzarrean, Basque Trade & Investment-eko ordezkari Miren Madinabeitiak eta Asis Herandok sektoreko erakundeen nazioarteko presentzia bultzatzen lagun dezaketen zenbait tresna eta kasu arrakastatsu aurkeztu ditu.

Robotekin-i buruz

Robotekin Robotika eta Automatizazioaren Euskal Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du. Erakundeak robotikaren eta automatizazioaren balio-kate osoko eragileak biltzen ditu – fabrikatzaileak, integratzaileak, zerbitzu-hornitzaileak, zentro teknologikoak, prestakuntza-zentroak, startupak eta enpresa erabiltzaileak -, euskal ekosistema indartzeko eta industriaren eraldaketa teknologiko eta lehiakorrean laguntzeko helburuarekin.

Getting Together

01-JUNTA DIRECTIVA-ROBOTEKIN
07.-SOCIOS ROBOTEKIN
01.- SARAY ZARATE-ROBOTEKIN
06.-LEIRE BALZATEGUI- ROBOTEKIN