Bi ekosistemetako 50 bazkidek osatutako ordezkaritzak parte hartu du aurten Euskadin egin den mugaz gaindiko topaketan
Robotekinek alderantzizko misio hau antolatu du bi erakundeen arteko trukea eta lankidetza-aukerak sustatzeko
Robotekin Euskadiko Robotika eta Automatizazio Elkarteak eta Aquitaine Robotics klusterrak Mercedes-Benzen Gasteizko instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean, Robotekineko bazkide den enpresa honen ekoizpen-prozesuko arloak bertatik bertara ezagutzeko.
Bi orduz, 50 bazkidek osatutako ordezkaritzak, bi ekosistemetako zuzendarien —Leire Balzategui eta Eric Pernot— gidaritzapean eta bi taldetan banatuta, fabrikako karrozeria-muntaketako eta azken muntaketako lerroak bisitatu ditu. Bertan dagoeneko Mercedes-Benz VLE berria ekoizten ari dira, luxuzko monobolumen elektrikoa. Damián Pavesek, Mercedes-Benzeko Ekoizpen Tekniketako VAN/OEV TP managerrak, eman ditu azalpen guztiak.
Mercedeseko bisitaren ondoren, Robotekineko eta Aquitaine Roboticseko bazkideek topaketa eta networking-saioa egin dituzte, ideiak trukatzeko, bi ekosistemak hobeto ezagutzeko, gaitasunak partekatzeko eta lankidetzarako bideak identifikatzeko.
«Aquitaine Roboticsen eta Robotekinen arteko lankidetzaren oinarriak Akitania Berriko eta Euskadiko robotika- eta automatizazio-ekosistemen hurbiltasuna eta osagarritasuna dira. Horrelako ekimenen bidez, gure enpresak eta erakundeak konektatu nahi ditugu, ezagutza partekatzeko, negozio-aukerak identifikatzeko eta proiektu bateratuak bultzatzeko. Alderantzizko misio hau urrats bat da harreman hori mugaren bi aldeetan lankidetza zehatz eta iraunkor bihurtzeko», azaldu du Leire Balzategui Robotekineko zuzendariak.
Bestalde, Eric Pernot Aquitaine Roboticseko zuzendariak bisita horien balioa nabarmendu du. Haren iritziz, «industria-instalazioak ezagutzeko aukera baino askoz gehiago dira. Gure kideak elkartzeko, elkarren gaitasunak ulertzeko eta konfiantza sortzeko baldintzak sortzen dituzte. Elkarren ondoko ekosistemak garen heinean, Aquitaine Roboticsek eta Robotekinek benetako aukera dugu hurbiltasun geografikoa lankidetza zehatz, proiektu partekatu eta negozio-aukera berri bihurtzeko. Guretzat, horixe da kluster baten eginkizuna: enpresak eta ikerketa- eta berrikuntza-eragileak konektatzea, topaketak epe luzeko aliantza bihur daitezen».
Erakunde bazkideak
Aquitaine Robotics klusterreko 16 erakundek osatu dute Akitaniako ordezkaritza: AEROSPLINE; Akeros; ESTIA; Compositadour; Eirlab; ENSAM; GEARFORGE; ISP AQUITAINE; IUT Bordeaux; La Boussole de la Tech; La Rochelle Université – L3i; LUCAS FRANCE; Lycee du Pays de Soule; Martin Brower; Métalo-Mécanique eta SEA SARL.
Robotekinen aldetik, 22 bazkidek hartu dute parte: ABB Robotics Ibérica S.L.U.; Automach Ingenieria S.L.; Bereiker; BIC Araba; Bravo Robots (Argi Ventures S.L.); CIFP Laudioalde LHII; Gasteizko Ingeniaritza Eskola (EHU); Eurobots; Gestamp; Ikerlan; Ikusmen Visión Artificial; Kuka; Larraioz Electrónica Industrial; Lortek; Michelin Vitoria; Rubinnova; Sankyo Desarrollos Técnicos, S.L.; SMC; Tecnalia; Tekniker; Vector 0 Robotics; Zenialabs Automation Intelligence.
Iaz, Euskadiko Robotika eta Automatizazio Elkarteko ordezkaritza bat Baionara joan zen International Robotics Networking Day topaketan parte hartzera eta euskal ekosistemako proiektuak eta arrakasta-kasuak ezagutzera ematera. Orduan, Addimadour, Compositadour eta Turbolab plataforma teknologikoak ere bisitatu zituzten. Era berean, Euroeskualdeak, Baionako Merkataritza Ganberak eta EIT Manufacturingek mugaz gaindiko lankidetza-aukerak aurkeztu zituzten.
Getting Together!!!!