Robotikak, automatizazioak eta berrikuntza teknologikoak ere Arabako zigilua daramate. Hala erakutsi dute Robotekin ekosistemako bederatzi enpresak eta erakundek Made in Araba Day ekimenaren edizio berri batean. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da, lurraldeko enpresa-talentuari ikusgarritasuna emateko eta herritarrei beren produktuak, proiektuak eta aurrerapen teknologikoak hurbiltzeko.
Gasteizko General Loma plazan egindako erakusketa baten bidez, BIC Araba, Eurocybcar, i+MED, Loramendi, Mercedes-Benz, Michelin, RPK Group eta SMC Españak Araba nazioarteko industriaren eta berrikuntzaren mapan kokatzen duten mugarrietako batzuk partekatu dituzte. Ekimenarekin batera, Andre Maria Zuriaren eta Berriaren plazetan elkartutako enpresen standak jarri dituzte, baita gazteek ekosistemako enpresetara egindako bisitak ere.
Egunotan ezagutu ahal izan diren datu nabarmenen artean, azpimarratzekoa da BIC Arabak 1.000 enpresa- eta teknologia-ekimen baino gehiago babestu dituela 1991tik, eta horietako asko erreferentziazko enpresa gisa finkatu direla industria adimendunean, energia jasangarrian eta biozientzietan, besteak beste.
Arabako berrikuntza ibilgailuen zibersegurtasunera ere iritsi da. Eurocybcar-ek teknologia aitzindaria garatu du Araban, Estatu Batuetan patente bidez babestutakoa, AENORekin batera ibilgailuen zibersegurtasuna ebaluatu eta ziurtatzeko.
Biozientzien alorrean, i+MED, munduko lehen zientzialari kooperatiba, bere 14 patente teknologikoengatik eta sendagaien askapen kontrolatuko sistemetan eta nanoteknologia bidezko printzipio aktiboetan duen nazioarteko erreferentziagatik nabarmentzen da.
Mundu osoan dabiltzan milioika ibilgailutan ere badago Arabako industria. Loramendi eta Aurrenak, galdaketaren sektorerako soluzio integralen diseinuan eta fabrikazioan nazioarteko liderrak, automobiletarako, kamioietarako eta trenetarako osagaiak, Porsche motorretarako elementuak barne, ekoiztea posible egiten duten teknologiak garatzen ari dira.
Arabako teknologia mundu osoan dago
Erakusketak, halaber, lurraldean presentzia duten konpainia handien gaitasun produktibo eta teknologikoan jarri du arreta. Gasteizko Mercedes-Benz lantegian Vito, eVito, Clase V eta Marco Polo modeloak egiten dituzte, baita Mercedes-Benz VLE berria ere, luxuzko monobolumen elektrikoa 700 kilometro baino gehiagoko autonomia duena eta 800 volteko karga teknologia, 15 minututan 355 kilometro berreskuratzeko gai dena.
Getting Together!!!