Industriako robotika- eta automatizazio-soluzioek eskaintzen dituzten erronkak eta aukerak aztergai eta eztabaidagai izan ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolak (EHU) antolatutako Robotika, Bioingeniaritza, Konputagailu bidezko Ikusmena eta Itsas Automatika arloko CEA Sinposioan egin zen mahai-inguruetako batean. Ekitaldia joan den ekainaren 11n ospatu zen.

Leire Balzategui Euskal Robotika eta Automatizazio Elkarteko zuzendariak gidatutako “Ikerketatik fabrikara: robotikaren eta automatizazioaren erronkak eta errealitateak Euskadin” izeneko mahai-inguruak Robotekineko bazkide diren lau erakundetako arlo horietako zuzendari eta arduradun teknikoak bildu zituen: Carlos Calleja (Ikerlan), Eneko Ugalde (Tekniker), Jorge Rodríguez (Aldakin) eta Erik Pérez (Michelin). Horiekin batera, Francisco Campa EHU-ko irakasle titularrak ere parte hartu zuen.

Eztabaidan zehar, robotika- eta automatizazio-soluzio horien ibilbidea aztertu zen, heldutasun teknologiko maila baxuko (TRL baxua) oinarrizko ikerketatik hasi eta ingurune errealetan ezarri eta eskalatu arte (TRL altua). Mahaiinguruak benetako esperientziak partekatzeko aukera eman zuen, eta horien bidez oztopo teknikoak, ekonomikoak eta antolakuntzakoak identifikatu ziren, baita horiek gainditzeko har daitezkeen estrategiak ere.

Topaketan agerian geratu zen azken erabiltzaileen, ingeniaritza-enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko lankidetzaren funtsezko zeregina, ikerketatik industria-aplikaziora igarotzea modu eraginkorrean errazteko ezinbesteko tresna gisa.

Sinposioaren hiru jardunaldietan zehar, Bilboko Ingeniaritza Eskola ezagutzaren trukerako gune nagusi bihurtu zen robotika, adimen artifiziala, bioingeniaritza, konputagailu bidezko ikusmena, sistema autonomoak eta itsas automatika bezalako esparruetan.

Sinposioak, halaber, Euskal Robotika eta Automatizazio Elkarteari aukera eman zion, Golden Partner gisa, talentua ekosistemara erakartzeko stand bat jartzeko; eta Robotekineko beste bazkide batek, Bravo Robotsek, bere SO-101 beso robotikoak erakusteko.

«Mota honetako topaketek esperientziak trukatzeko, robotikarekin eta automatizazioarekin lotutako eragileen artean harremanak sendotzeko eta epe labur, ertain eta luzera lankidetza-bide berriak aztertzeko aukera eskaintzen digute», adierazi du Robotekineko zuzendari Leire Balzateguik.

Getting Together

FOTO SIMPOSIO-1
FOTO SIMPOSIO-2