• Lehen Robotekin Hackathon LeRobot ekitaldiak 19 talde bildu ditu; 48 ordu izango dituzte benetako beso robotikoekin beren soluzioak garatzeko eta erakusteko
  • Ekimenak unibertsitateko ikasleak eta industriako profesional gazteak bildu ditu, kode irekiko teknologiarekin eta Robotekineko erakunde bazkideetako mentoreen laguntzarekin soluzio robotikoak garatzeko

Giza erakustaldietatik abiatuta robot bati zeregin bat egiten irakastea eta modu autonomoan egiteko gai dela egiaztatzea. Horixe da gaurtik igandera bitartean 18 eta 35 urte bitarteko ia 80 gaztek, 19 taldetan banatuta, izango duten erronka, Robotekin Hackathon LeRobot ekitaldiaren lehen edizioan.

Robotekinek, Robotika eta Automatizazioko Euskal Elkarteak, Bravo Robotsekin lankidetzan antolatutako ekimenak esperimentaziorako, ikaskuntzarako eta robotika eta adimen artifizialeko proiektuak garatzeko gune bihurtuko du asteburu honetan elkarteak Vitoria-Gasteizen duen egoitza.

Taldeek SO-101 beso robotikoekin eta LeRobotekin —Hugging Facek sustatutako kode irekiko robotika-frameworkarekin— lan egingo dute. Teknologia horri esker, zeregin baten erakustaldiak erregistratu eta adimen artifizialeko ereduak entrenatzeko erabil daitezke, robotak zeregin hori errepikatzen ikas dezan.

Erronka ideia batetik prototipo funtzional batera igarotzea izango da, 48 ordutan. Proposamenek objektuen manipulazio autonomoa, ingurunea interpretatzeko ikusmen robotikoa eta robotikaren aplikazioak landu ahal izango dituzte, besteak beste, hezkuntzaren, irisgarritasunaren edo asistentziaren arloetan.

Unibertsitateko talentua eta industriako profesional gazteak

Deialdiak Estatuko hainbat tokitako gazteak erakarri ditu. Parte-hartzaileen % 38 Arabatik dator, % 31 Bizkaitik eta Gipuzkoatik, eta gainerako % 31 beste autonomia-erkidego batzuetatik: Nafarroatik, Kantabriatik, Madrildik, Andaluziatik, Kataluniatik, Valentziako Erkidegotik, Errioxatik, Gaztela eta Leondik eta Gaztela-Mantxatik.

Izena eman duten 79 pertsonetatik, 67 gizonak dira (% 85) eta 12 emakumeak (% 15). Topaketak unibertsitateko prestakuntza, ikerketa eta esperientzia profesionala uztartzen dituzten profilak bildu ditu.

Izena eman duten taldeen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskoletako ordezkariak daude, baita Deustuko Unibertsitatekoak ere. Mondragon Unibertsitateko Robotika eta Automatizazioko Masterreko ikasleek ere parte hartuko dute.

Haiekin batera, Robotekineko bazkide den Rubí Automotive enpresan lan egiten duten lau gaztek osatutako talde bat ere arituko da. Haien parte-hartzeak industrian lanean ari direnen ikuspegia ekarriko du, eta topaketaren helburuetako bat indartuko du: talentu gaztea enpresekin eta teknologia horien aplikazio praktikoarekin lotzea.

Hackathonean zehar, taldeek mentoreen laguntza izango dute ideiak zehazteko, zailtasunak gainditzeko eta soluzioen garapena bideratzeko.

Hiru egun diseinatzeko, entrenatzeko eta emaitzak erakusteko

Robotekinen egoitza 19 taldeentzako lanpostu independenteekin egokitu da. Bravo Robotsek ekipamendu teknologikoa jarri du: SO-101 beso robotikoen 19 kit, kamerak eta tripodeak. Horien bidez, parte-hartzaileek erakustaldiak jaso, ereduak entrenatu eta probak egin ahal izango dituzte.

Ostiraleko jardunaldia irekiera ofizialarekin, materialaren banaketarekin eta lehen erakustaldiekin hasiko da. Larunbata proiektuak garatzeari eta mentoretza-saioei eskainiko zaie. Igandean, taldeek prototipoak amaitu eta emaitzak epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dituzte.

Lehiaketak 3.000 euro banatuko ditu saritan: 1.500 euro talde irabazlearentzat, 900 euro bigarren sailkatuarentzat eta 600 euro hirugarrenarentzat.

«Parte-hartzaileek robot bat nola entrenatzen den eta ideia batetik funtzionatzen duen soluzio batera igarotzeko zer behar den esperimentatzea nahi dugu. Ikasleak, profesional gazteak eta mentoreak elkartzeak ezagutzak partekatzeko eta ikaskuntza hori enpresen beharrekin lotzeko aukera ematen du. Robotekinen, topaketa honek bokazioak piztea eta talentu gaztearen eta gure ekosistemaren arteko lotura berriak sortzea bilatzen dugu», adierazi du Leire Balzategui Robotekineko zuzendari nagusiak.

Ekimenak Danobat, Mekindu, Solid Machine Vision, Ikerlan eta Arabako Parke Teknologikoa bazkideen babesa du, baita Rural Kutxa, Laboral Kutxa, Caja de Ingenieros eta El Correorena ere.

👉Webgune ofiziala: https://hackathon.robotekin.com/
 
Robotikaren etorkizuna eraikitzen. 💪

Getting Together!!